XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamasei urteko neskatxa tartean
Zaldibiko txapelketara 18 bertsolari gazte igandean.

Zaldibiko IV Bertsolari Gazteen Txapelketarako 18 bertsolarik eman dute izena.

Gazteenak 15 urte ditu eta tartean neska bat ere agertu da.

Datorren igande honetan jokatuko da txapelketa hau.

Goizeko 11etan neurtuko dira hemezortziak aurrena.

Arratsaldeko 4etan, berriz, goizeko 6 onenak.

Bergarako Alberdi, 22 urtekoa, Zaldibiko Altzo-Txiki, 21 urtekoa, Zarauzko Egaña, 21 urtekoa, Arraiozkoa Elizagoien, 21 urtekoa, Azpeitiko Eguzkitze, 16 urtekoa, Iturengo Euxebio Fagoaga, 18 urtekoa, honen anaia Joxe Mari, 19 urtekoa, Aretxabaletako Iñurrategi, 15 urtekoa, Arrasateko Isazelaia, 15 urtekoa, Aretxabaletako Arantzazu Loidi, 16 urtekoa, Errezilgo Loidi-Saletxe, 23 urtekoa, Bilboko Santurtzi, 21 urtekoa, Aretxabaletako Aitor, Jon eta Iñaki Sarasuatarrak, 15, 16 eta 17 urtekoak, Bilboko Uraga, 22 urtekoa, Itsasondoko Zeberio, 23 urtekoa eta Elgoibarko Ziarda, 22 urtekoa, neurtuko dira.

Jesus Mari Etxezarreta, Joxe Mari Aranalde, Abel Muniategi eta Rufino Iraolak osatuko dute epai-mahaia.

Hemezortzi hoietatik 6 berexi behar dituzte arratsalderako, baina goizeko puntuazioa kontuan izanik erabakiko da txapelketa.

Txapeldunak 30.000 pezeta, Txapela eta kopa jasoko ditu.

Bigarrenak 20.000 pezeta eta kopa.

Hirugarrenak, 15.000 pezeta.

Laugarrenak, boskarrenak eta seigarrenak hamarna mila pezeta.

Eta goizetik bakarrik aritzen direnek bosna mila pezeta.

Zaldibiko udaletxearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Kontseilaritzaren dirulaguntzaz antolatu du txapelketa hau, 25 urte bete gabe dituzten bertsolarientzat.

Aretxabaleta-Arrasate, Bilbo eta Nafarroatik datoz bertsolari gehienak.

Berri pozkarria eta bitxia.

Bertsolari eskolen ondorioa, noski.

Zazpi, 15 eta 16 urtekoak izatea ere harrigarria da.

Igandean ikusiko da bertsolari gazte hauen moldea eta gaitasuna.

Bertsozaleentzat itxaropenez betetako lehiaketa igandeko hau, noski.